Astiro
astiro goaz, hala ere, abendua laster izango da hemen eta, hile
honekin batera, Durangoko 19. Euskal Denda helduko zaigu. Arbasok,
artisauen elkarte nazionala, Euskal Herriko artisautzaren
erakusleiho garrantzitsutzat hartzen dutena antolatu du, berriro ere.
Durangoko merkatu plazan egingo da abenduaren 5etik 8ra, “Ametsak
gauzatu” lelopean. Euskal Denda dirauen bitartean, hainbat ekintza
ludiko egingo dira azoka barruan artisauaren eta bisitarien arteko
interakzioa dinamizatzeko eta, azken batean, bisitaria artisautzaren
munduan sararazteko. Horrela azaldu dute aurkezpenean, Bernat
Vidalek, Arbasoko presidentea, Olatz Pujanak, Arbasoko bozeramailea
eta Andoni Iruarrizagak, Durangoko zinegotzia.
Euskal
Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu.
Guztira 50 erakusketari bilduko ditu, artisau arabar, baxenafar,
bizkaitar, gipuzkoar, lapurtar eta nafarrak. Aurreko edizioetako
kopuru antzekoa, baina nobedade moduan, aipatu behar da, aurten,
hamabost profesionalek lehenengo aldiz parte hartuko dutela.
Beste behin
ere, Bizkaia izango da ordezkari gehien izango dituen lurraldea, 19
artisau, hain zuzen ere. Gipuzkoak 17 izango ditu, Nafarroak 4,
Arabak 3, Nafarroa Beherak 2 eta Lapurdik bat. Betidanik izan da
Durangaldea artisautzaren epizentro garrantzitsua. Aurten ez da
gutxiago izango, Bizkaiko eskualde honen izena bost artisauk eramango
dute. Durangoko Restaurarte, 2010eko stand onena sariaren irabazlea;
Jaio Gazta, gazta ekoizle iurretarra; Elorrioko Wandel, larrua
lantzen duen sortzailea eta iazko stand onena saria jaso zuena aurten
ere Euskal Dendan izango da. Esparru hau Bea Unzuetak eta Eneko
Unzaluk biribilduko dute.
Sektorekako
ordezkaritzari dagokionez, honakoak izango ditugu: sei nekazaritzako
elikagaien arlokoak, lau beirakoak, hamar metalekoak. Halaber,
landare zuntzak lantzen duten bi, zeramikako bost eta egurra lantzen
duten zazpi izango dira aurtengoan. Ehungintzari dagokionez, zazpi
erakusketari aipatu behar ditugu, eta larrugintzan lau. Gainera,
denbora eta espazioa emango zaizkie zaharberritzaile bati, euskal
kirolari eta kosmetikari. Birziklatutako gaiek ere erakusmahaia
izango dute.
OKZITANIA
Aurtengo Euskal Dendaren
edizioaren kultura gonbidatua Okzitania izango da. Gertu daukagu
Okzitania, hala ere, herri ezezaguna egiten zaigu, egoera hori
gainditzeko hango lau artisau etorriko dira. Beraei esker haien
ohiturak eta usadioak ezagutuko ditugu.
Lleidatik Taller Bausen
etorriko da, baita harria lantzen duen Ariza tailerra ere, eta
egurrezko tailerra Pcorfer eta Piers Bausen. Hauek laurok euren
artisautza eta berezitasuna aurkeztuko dizkigute, eta euren kulturan
murgilduko gaituzte.
ARTETSU SARIAK
2005ean hasi ginen Artetsu
sariak ematen, Arbaso elkartearen hamargarren urteurrenarekin batera.
Sari hauen bitartez, banakakoen edota entitateen lana aintzat hartu
nahi dugu. Halaber, konplizitaterako bidea eta loturak sortu nahi
ditugu aipaturiko lan hori apurka-apurka hazten joan dadin eta, era
horretan, gure artisautzaren aldeko hain garrantzitsua den
kontzientziazioa ere eragingo dugu.
Horregatik bada,
zentzu guztietan artisautzaren alde egiten duten artisauak,
erakundeak eta hedabideak saritzen ditugu. Hamargarren edizio
honetako Artetsu sariak honakoak izango dira:
BIZITZA OSOA:
Lurbe Zeramika. Itziar Begoa eta Gloria Etayo.
ERAKUNDEAK LAGUN:
Sondikako Udala.
HEDABIDEAK:
BERRIA.
GURE TRADIZIOAK
HEDATZEA: Aranzadi.
EUSKARA SUSTATZEA:
Korrika.
Sariak emateko gala
abenduaren 5an, ostiralean, egingo da San Agustin Kultur Gunean,
arratsaldeko 20:00etan. Sariaren ikurra esku bat da, gai eta tresna
nahitaezkoa, ezinbestekoa artisautzan jarduteko. Beiraz eginiko
alegoria bat da, gardentasuna, argia, ardura eta lan-xehetasuna
adierazten dituena. Egilea, Bilboko Iker Sanz da, Iger by Aker
artisau-tailerrekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario